Lurpean isil arbela, ez dago urrun orbela
mahats aleak isilenetik gozatzen du dena.
Arbelerantz zalantzakor eta pozik doan eskola-ume hasiberriaren gisan, ARBELAk eman ditu jada bere lehen pausoak. Hemendik aurrera, ñabarduraz betetako kaligrafia sentikor batekin bere izaera landu eta aditzera ematea izango du ikasle saiatuak helburu.
Kostaldetik urruti ez eta baso aldapatsuetatik aski hurbil, geure lurrak bere dituen eguraldia eta baldintza geologikoak biltzen dituzte Aiako mahastiek: itsasoaren gertutasuna, batetik, eta mendiaren malkarra, bestetik. Bikoiztasun horrek ematen dio ardoari nortasun bereizgarria. Euri zaparraden latza. Olatuen eta haizeteen oldarra. Orbela eta fruta-arbolak. Elkar osatzen duten bi mundu ezberdinen arteko nahasketa perfektua.
ARBELA txakolinak, lurraren arbel sedimentazio gradu nabarmenari zor dio bere deitura. Modu honetako mahastietan zoru buztintsua hobetsi izan den arren, txakolinak behar duen kontrapuntua ematen dio arbelak, mineral printzekin ahosapaia ezin hobeto orekatzen duena.
Getariako Txakolina jatorrizko deituraren baitan kokatzen da ARBELA, eta noizbehinkako festa giro arinean edateko ardo bat izatetik askoz haratago doa. Otorduetan konpainia noblean edateko ezin egokiagoa, mahaiaren bueltan dastatzen denean ematen du bere onena: ardo sarkorra da, bizia eta atsegina, gehiegizko garraztasunari uko egiten diona. Aukera-aukerakoa arrainari eta itsaskiei laguntzeko, baina horretara mugatu gabe. Berdin goza liteke tankera ezberdineko jatenekin ere. Bazkaltiarrik zorrotzenak asebetetzeko moduan.